XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Emazte maitea egongelako leihotik begira zegoen.

Haren aurpegiak, herioa bezain aratz eta zurbilak, irribarre aingerutarra zeukan.

Seriotasun dohatsu batez so egiten zigun.

Joaterakoan, arrotzak bidali zidan bedeinkapenak eragin ezti eta saindua izan zuen ene bihotzean.

Egongelara abiatu nintzen, emaztearen aldera: orain, umerik gabe, ni ninduen lagun bakarra.

Zoraldi batean bezala altxatu zituen eskuak eta eskerroneko irribarre garbi berberaz besarkatu ninduen, hauxe esaten zuelarik:

- Ikusi egin dut -bera da- ateraino lagundu dizun gizona, joan aurretik bedeinkatu gaituen hori.

Ametsetan ikusi nuen berbera duzu ongi zainduko zuela eta oso-osorik atzera emango zidala esanez, mutikoa ene besoetatik jaso zuen berbera, esan nahi dut.

Ordudanik mende laurden bat baino gehiago iragan da; Jainkoak beste seme-alaba batzu eman dizkigu, sehaskatik heldu arora zorionez bete eta harro erazi gaituztenak.

Zenbait nahigabe eta zorigaitz ere jasan ditugu inoiz; baina, orohar, dohatsuak izan gara neurriz gain.

Joritasunak aspaldi xahutu zituen res angusta domi-ren ardura guztiak, lagun hurkoari laguntzeko gure ahalmena indartzen zuelarik.

Jainkoak emana da eta Jainkoa da, guk uste, sari banaketa horren azterlea.